Gauza bat da Googlen agertzeko zer egin behar den, eta beste bat da agertu ondoren bilaketa kate batzuentzako emaitzen artean posizio on bat lortzea. Galdera honen helburua lehena dela ulertzen dut nik.
Googlen "agertzeko", bilatzaileak erabiltzen dituen robot edo crawler-ek [1] webgune horretarako lotura aurkitu behar dute beste nonbait. Crawler hauek web orrialdeak arakatzen aritzen dira, eta webgune eta web orrialde berriak ezagutzeko bertako loturak aztertzen dituzte. Lehendik ezagutzen zituztenak baztertu, eta berriak ilara baten jartzen dituzte. Ilara horretan lotura baten maiztasuna (beste web orrialdeetan agertzen den aldi kopurua) zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gorago egongo da eta lehenago arakatuko dute, eta ordutik aurrera webgune berri hori bilatzaileen emaitzen artean agertuko da.
Inork ez badu webgune baterako loturarik, gainontzekoetatik isolatuta dagoela esan daiteke, eta oso zaila izango da web crawler batek ezagutu ahal izatea.
Beraz, Google eta gainontzeko web bilatzaileek webgune berri bat ezagutu dezaten metodorik egokiena beste orrialde askotan agertzea da. Horretarako, blogetan, foroetan, eta beste hainbat lekutan helbidea zabaltzea nahikoa izan daiteke. Dena dela, bilatzaile gehienek eskuz helbide bat gehitu ahal izateko aukera eskaintzen dute, baina helbide hori ilarara joango da, eta sarean loturarik aurkitu ezean nahiko lehentasun txikia izango du ziurrenik, eta asko kostako zaio arakatzea.
[1]
eu.wikipedia.org/wiki/Web_crawler